jueves, 2 de marzo de 2017

Globalizazioa



GLOBALIZAZIOA

1. SARRERA

Globalizazioa hezkuntzaren arloan oso presente dagoen arren, globalizazio terminoaren esanahia, oraindik, oso eztabaidatua izaten da. Ohikoa izaten da metodo globalizatzaileak eta ikuspegi globalizatzailea nahastea. Horregatik, metodo globalizatzaile ezagunenetako batzuk azalduko ditugu lehenik, eta ondoren, ikuspegi globalizatzailearen bitartez eta metodoen bitartez lantzen diren alderdiak edo  lanketaren ezaugarri nagusiak aztertuko ditugu.

2. METODO GLOBALITZATZAILEAK

    Metodo globalizatzaile ugari sortu dira irakaskuntza ideiak eratzeko prozesura, ikasleen behar eta interesekiko errespetura eta hezkuntza helburuetara egokitzeko beharrak bultzatuta. Printzipio globalizatzaile berdinetan oinarritutako metodo ezberdinak sortu dira azken urteotan, gaiak, prozedura edo helburuak aldatuz. Metodo hauek egoera erreal batetik abiatzen dira eta beraien arteko ezberdintasun nagusienak lanaren intentzioan aurkitzen dira.

2.1. PROIEKTUAK

Objektu baten diseinu eta elaborazioan (maketa, egunkaria...)  edota muntaia bat egitean (antzezlana, jaiak, erakusketak…) zentratzen da metodo hau. Honako fase hauek ditu:

  • Intentzioa→ Taldeak proiektu desberdinez eta lanerako antolakuntza moduez eztabaidatzen du. Ezaugarri nagusiak zehaztu eta landu nahi diren helburuak finkatzen dira.
  • Prestakuntza→  Burutuko den proiektua doitasunez definituko da. Proiektuaren garapenerako beharrezkoak diren baliabide, material, informazioen, aurreikusten diren pausu eta denboren planifikazio eta programazioa gauzatu behar da.
  • Egikaritzea→ Dagokien jarduerei ekingo zaie eta hautatutako proiektura moldatuko dira ikaskuntza arlo desberdinetako teknika eta estrategiak.
  • Ebaluazioa→ Egindakoaren eraginkortasuna eta balioa egiaztatuko dira. Aurreikusitako helburuak lortu diren baloratuko da, eta ikasle bakoitzaren paper eta parte-hartzea aztertuko dira.
2.2. INGURUAREN IKERKETA

Ikaslearentzat intereseko den gai baten inguruko arazo eta galderen ebazpenean jartzen du arreta, eta bilaketa eta ikerketa lana dira estrategia honen tresnak. Bere faseak hauek dira:

  • Motibazioa→ Gai jakin batekiko ikasleen interes eta arreta bereganatzean datza. Gai horren inguruko zalantzak izango dira ikerketaren oinarriak, interesek aztertzera bultzatuz.
  • Zalantzen mahaigaineratzea→  Ikasleek dituzten zalantzak beraien artean eta irakaslearen artean konpartituko dituzte. Jarraian, denendako ikusgarri dagoen lekuren batean idatziko dituzte beraien galderak eta  sistematikoki erantzungo dituzte.
  • Uste eta hipotesien planteamendua→ Zalantzak argitu ondoren, ikasleek gaiari buruz dakitena ezagutzeko momentua da, beraien erantzun intuitiboak edo hipotesiak azaleratuz. Suposizio horiek izango dira informazioaren bilaketa eta ondorioen elaborazioa egiteko jarraibideak.
  • Informazio-bideen ezarpena→ Informazio bilaketari ekiten zaio, benetako ikerketari. Erantzunak aurkitzen edo suposizioak egiaztatzen nork lagundu diezaiekeen pentsatuko dute, beraien jakintza handitzeko. Erabiliko diren baliabideak hautatuko dira.
  • Informazioaren bilaketa→  Informazioa eskuratzeko bide ezberdinak jarraitu ahal izango dituzte: idatzizko euskarriak, gaia gertutik ezagutzen duten pertsonak, behaketa zuzena, etab.
  • Datuen hautaketa eta sailkapena→ Jasotako informazioa sailkatu, txukundu eta hautatu beharko dute ikasleek. Aurretik ezarritako hipotesiak egiaztatzeko edo baztertzeko balio dien informazioa aukeratuko dute.
  • Ondorioen zehaztapena→  Hasierako zalantzak eta galderen ondorioak ateratzeko nahiko informazio izan ondoren, guztien artean eztabaidatuko dituzte emaitzak, lanaren hasieran planteatu ziren ikuspuntu desberdinen inguruan akordio komunetara heltzea helburu izanik.
  • Orokortzea→ Egoera desberdinetarako balio duten enuntziatu argitzaileak zehaztuko dira. Horretarako, errealitate desberdinei begirako orokortze lan bat egingo da. Enuntziatuez osatuko da ikaskuntzarako edukia, eta ikasleek koadernoan idatziko dituzte ikerketaren ondorioekin batera.
  • Ondorioen adierazpena eta komunikazioa→ Bukatzeko, lanaren nondik norakoak ebaluatuko dituzte, hau da, egindakoari esker atera duten informazioa ebaluatu eta horretaz gain, beraien arteko elkarlana nolakoa izan den.

2.3. INTERES GUNEAK

Metodo hau Ovidio Decrolyk sortu zuen, haurrei bizitzarako eta bizitzan ikasteko aukera emateko helburuarekin sortua. Decrolyk haurrek eskolan ikasi beharreko edukiek beraien garapenarekin eta interesekin zerikusirik ez zutela ikusi zuen, eta horregatik, arazo horri aurre egiteko interes guneak izeneko metodoa sortu zuen. Metodo hau, hortaz, haurren behar eta interesetatik abiatzen da, eta landuko den gaiak hainbat beharrizan asebetetzen ditu (soziala, intelektuala, emozionala, etab.). Interes guneen bitartez, haurrek interesa pizten dizkien esperientziak barneratzen dituzte modu global batean. Hiru fase bereizten dira:
  • Behaketa→ Fase honetan, ikasleak pertzepzioaren eta esperientziaren bitartez nozio batzuk eskuratzen ditu. Egindako lanketak esperientzia sozial, familia eta eskolarekin konektatu behar du ikasleak. Ikasleak behatu egingo du azterketa bat egiteko asmoz. Horretarako bi behaketa mota burutzen ditu ikasleak: alde batetik, zuzena, landuko diren objetuak eskura dituztenean egiten dena, honen bitartez, buru irudi sendoak eratzen dira; bestalde, zeharkakoa, landuko dena eskuragarri ez dagoenean egiten dena, argazki, maketa… bidez, honela jarduera mentalaren garapena gauzatzen da.

  • Asoziazioa→ Fase honek logikazko erlazio batzuk egitea eta lanketa pertsonal bat suposatzen dizkio haurrari. Kontaktu gaitzak eta ikuskaitzak diren errealitate eta ideiekin lotzen du ikasleak ikusitakoa, eta horrela, ikasleak landutako errealitatea aztertu, erlazionatu eta sistematizatzen du. Asoziazio ezberdinak bereizten dira, eta bakoitzaren bitartez haurrak gauza ezberdinak barneratzen ditu:
    • Espazioko  asoziazioak (non, nondik, nolakoa…): kokapena eta norabidea, forma eta tamaina.
    • Denborazko asoziazioak (noiz, urtaroak, arin, garaia…): segida, iraupena, aldiberekotasuna.
    • Kausazko asoziazioak (zer, zergatik, nola…): hausnarketa, gaiaren inguruko funtsezko auziak.
    • Erabilgarritasun eta lan asoziazioak (nork, nola…): elementuen erabilgarritasuna, lanbideak eta eginkizunak, gizakiaren eta inguruaren erlazioak.
    • Etika, moral eta sozial asoziazioak (nola, zer egin…): balioak, jarrerak, arauak.
  • Adierazpena→ Ikasleak behaketa burutu eta asoziazio bidezko azterketa egiten duen bitartean errealitatera hurbiltzen da, eta orduan adierazpenerako modu ezberdinak eskaini behar zaizkio, komunikazio eta adierazpeneko gaitasunak gara ditzan. Honako hauek izango lirateke: hizkuntza adierazpena, matematika adierazpena, gorputz adierazpena, plastika adierazpen eta musika adierazpena.  Fase honetan, ikasleak bere pentsamendua adieraziko du besteei modu eskuragarriagoan, eta bere buruari modu zehatzagoan (marrazkia, modelaketa…) edo abstraktuagoan (irakurketa, idazketa…). Irakasleak aukera berriak eskaini behar dizkio ikasleei estimulu gisa, hauek beraien estrategia pertsonalak bila dezaten adierazpen eta komunikaziorako.

3.OINARRITZEA

Azaldutako metodo globalizatzaileak justifikatzeko arrazoiak bi dira. Lehenengoa, irakaskuntzarekin estuki lotuta dagoena eta bestea, berriz, ahalik eta ikaskuntza esanguratsuena lortzearen beharrarekin.

3.1. IRAKASKUNTZAREN HELBURUAK

Irakaskuntzak errealitatea ezagutu eta ulertzeko gai izango diren herritarrak formatzea aldarrikatzen du; gizartea eta mundua ezagutu eta parte hartze kritiko, solidario eta demokratikoaren bitartez bertan eragitea, gizakia gizarteko partaidea baita. Irakaskuntzaren helburua bizitzarako ezagutza eta jokabidea izanik, ikerketa objektua errealitatea izateak logikoa dirudi. Horregatik, errealitatea ezagutuz, eta egoera zehatzetatik abiatuz gauzatu beharko da irakaskuntza. Ezagutzak errealitatea ulertu eta bertan eragiteko tresna bihur daitezen, oso garrantzitsua da jakintzen integrazioa burutu eta erlazio harremanak ezartzea.

3.2. IKASKUNTZEN ESANAHIA

Ikaskuntzaren ikuspuntu eraikitzaileak eta haren printzipio pedagogikoek ikuspegi globalizatzaileak erabiltzeko egokitasuna arrazoitzea ahalbidetzen dute. Ikaskuntza edukia esanguratsua izan dadin, zer den, zer irudikatzen duen eta nola erabil dezakegun jakitea beharrezkoa da.

Modu esanguratsuan ikasteak, aurrez eskatutako ezagutzen eta berrien artean egiakoak eta ez arbitrarioak diren ezagutzen artean harremana ezartzea suposatzen du. Horretarako, ikasleen garapen mailari erreparatu behar diegu; momentu jakin batean zer egiteko eta ikasteko gai den jakitea, beraien Garapen Hurbileko Eremuaren bitartez aurrera egiteko. Horretatik abiatzean, irakaskuntza eraginkorra deituko diogu. Erlazioak ezartzeko garaian komenigarria izango da, autoestimua indartzea ikasleek aldeko jarrera izan dezaten. Erlazio horiek ezartzea ez da erraza izaten; beraz, beharrezkoa izango da ezagutzen dena eta ezagutu berri dena uztartzea ahalbidetuko duten jarduera mentalak sustatzea.

  • Aurretiko ezagutzen eta berrien arteko erlazioa: Ikuspuntu globalizatzaile baten baitan, egoera erreal eta konplexu batetik abiatuz ezartzen diren aurretiko ezagutzen eta berrien arteko erlazioa handiagoa izango da; izan ere, loturak handitzean, ikaskuntza esanguratsuagoa izango da eta askotariko egoeretan aplikatu ahal izango da.

  • Esanguratsua eta funtzionala: Ikasleek edukia zergatik eta zertarako ikasten duten ulertzen dutenean barneratuko dute ikasleek hobekien. Estrategia globalizatzaileetan lantzen diren edukiak lantzeko arrazoiak ondorengoak dira: proiektu jakin bat sortzea, gai bat ezagutzea eta zalantzak argitzeko gakoa izatea.

  • Jarduera mentala: Ulertuz ikastea zaila izaten da, ikasten denari esanahia erantsiz ikasteko esfortzu mentala egitea beharrezkoa da. Horregatik, garrantzitsua da ikasgelan ikaskuntza berriak eraikitzea posible egingo duten ariketa eta esperientziak lantzea. Gertuko esperientzietatik abiatuz, gero eta orokorragoak diren irudikapen mentalak eraikiko ditu ikasleak. Jarduera mental horrek pedagogi aktiboak sortzeko aukera eskaini du. Beharretatik abiatutako ikaskuntzan sinesten dute estrategia globalizatzaileek, ez inposatutako ezagutzetan. Estrategia globalizatzailearen baitan burutzen dituzten ariketek ulerkorra den ezagutza erdietsi eta ondorioak ateratzeko beharrezkoa den ariketa mentala egitera derrigortuko dituzte.

  • Aldeko jarrera: Ikasleen interesa eta motibazioa geroz eta handiago izan, orduan eta esfortzu txikiagoa egin beharko dute ikasteko. Hori izan daiteke hezitzaile desberdinek metodo globalizatzaileak proposatu eta garatzearen arrazoietako bat. Aurretik azaldutako hiru metodoak ikasleen interesetatik abiatzen dira eta prozesu guztian zehar atentzioa mantentzean garatzen dira, landutako edukiak barneratzea helburu dutelarik. Lantzen diren edukiak errealitatean sortzen diren gatazkak eta zalantzak erantzuteko balio badute, ikasleek interesa izango dute eta positiboki baloratuko dituzte.

  • Denboraren antolaketa: Metodo globalizatzaileen bitartez askotariko edukiak lantzen dira, baina horrek ez du ziurtatzen diziplina bakoitzeko eduki guztiak lantzen direnik. Metodo hauen bitartez egiten den ikaskuntza oso aberatsa eta esanguratsua den arren ez da ziurtatzen burututako lana nahikoa denik ikasleen ikaskuntzarako. Esan beharra dago, metodo globalizatzaileetan diziplinak ez direla helburua, errealitatea hobeto ezagutzeko bitartekoa baizik.