lunes, 22 de mayo de 2017

Taldekideen artikuluak




  •  LAS DIVINAS taldea
Aprendizai esanguratsuak ezagutza zaharrak eta ezagutza berriak elkartzen ditu, beste ezagutza berri bat sortuz. Ikasitakoa zaila da ahaztea, esanahien artean loturak egiten dituelako. Aldiz, aprendizai mekanikoa memoristikoa denez, erraza da ahaztea. Horregatik, aprendizai esanguratsua sustatu behar da haur hezkuntzan.


  •  ROCKABYE BABY taldea
Talde honek Ebaluazioari buruz hitz egin zuen. Ebaluazioa, informazioa jaso, aztertu, balioa preziatu eta erabakiak hartzeko prozesua da. Honen helburuak prozesu didaktikoa orokorki eta ikaslea partikularki ezagutzea eta hobetzea da. Honetaz gain, garrantzitsuena, ikaslearen ikastea da. Metodo ohikoena azterketa egitea da, objetibitatearekiko dugun obsesioagatik. Gainera, zuzentzeko errazak izaten dira.
Gaur egun, ebaluatzeko era hauek gutxitzen hasiak dira eta beste mota bateko ebaluazioak indartzen hasi dira, adibidez, ebaluazio hezigarria. 


  •  ILUSIOEN INDARRA taldea
Emakumearen presentzia historian zehar ez da gehiegizkoa izan, izan ere, sistema patriarkalak garrantzia eman dio gizonari, emakumea ikusezina bihurtaraziz. Denboraren poderioz, emakumea historian zehar gehiago azaltzen hasi da, eta gaur egun, aurrerapen izugarria egon da, baina oraindik ere, bide luzea dugu aurretik. Horregatik, irakasleak izango garenean, haurrak berdintasunan hezi behar ditugu, etorkizunean perekidetasunean eta diskriminaziorik gabe bizitzeko. 


  • GALTZAGORRI taldea
Haurrak aniztasunean hezi behar ditugu, neska eta mutilen arteko ezberdintasunak egin gabe eta partaidetza orekatua sustatuz. Gaur egun, mutil eta nesken arteko ezberdintasunak gutxitu dira, baina oraindik ere lan handia egin behar dugu. Honen lehen pausua, hizkuntza hezkidetzailea erabiltzea da.


  • BOST taldea
Curriculum-a kontuan hartu beharreko gauza bat da. Bertan, landu behar diren ikasgaiak eta lortu behar diren helburuak, edukiak eta konpetentziak azaltzen dira. Curriculum mota ezberdinak daude non lekuaren arabera, curriculum mota ezbedin bat lantzen den. Kontuan izan beharko genukeen curriculum-a ezkutua da garrantzitsuenetakoa baita. Bertan jasotzen dena ez egitea edo jasotzen ez dena egitean datza. Kontuan izan behar dugu, gehienetan konturatu gabeko gauzak egiten ditugulako, portaera edo idea batzuk trasmitituz. 


  • DREAM TEAM taldea
 Berrikuntza hezkuntzan ematen diren aldaketak dira, eta hezkuntzako esparru guztietan ematen dira. Berrikuntzak ez du beti guztiontzako hobekuntza ekartzen, batzuentzat onurak ekartzen ditu, baina beste batzuentzat kalteak ekar ditzake.Irakasleak ikasgelan jokatzen duen rola ere aldatzea beharrezkoa da guztizko berrikuntza bat emateko.


  • ASA taldea
Ikasgelako programazioa ondo prestatua izatea oso garrantzitsua da, batez ere, aurreko puntu garrantzitsuak kontuan hartzeko eta burutzeko, honen helburuak, edukiak eta abar. ondo finkatuak egon behar direlako.

jueves, 2 de marzo de 2017

Globalizazioa



GLOBALIZAZIOA

1. SARRERA

Globalizazioa hezkuntzaren arloan oso presente dagoen arren, globalizazio terminoaren esanahia, oraindik, oso eztabaidatua izaten da. Ohikoa izaten da metodo globalizatzaileak eta ikuspegi globalizatzailea nahastea. Horregatik, metodo globalizatzaile ezagunenetako batzuk azalduko ditugu lehenik, eta ondoren, ikuspegi globalizatzailearen bitartez eta metodoen bitartez lantzen diren alderdiak edo  lanketaren ezaugarri nagusiak aztertuko ditugu.

2. METODO GLOBALITZATZAILEAK

    Metodo globalizatzaile ugari sortu dira irakaskuntza ideiak eratzeko prozesura, ikasleen behar eta interesekiko errespetura eta hezkuntza helburuetara egokitzeko beharrak bultzatuta. Printzipio globalizatzaile berdinetan oinarritutako metodo ezberdinak sortu dira azken urteotan, gaiak, prozedura edo helburuak aldatuz. Metodo hauek egoera erreal batetik abiatzen dira eta beraien arteko ezberdintasun nagusienak lanaren intentzioan aurkitzen dira.

2.1. PROIEKTUAK

Objektu baten diseinu eta elaborazioan (maketa, egunkaria...)  edota muntaia bat egitean (antzezlana, jaiak, erakusketak…) zentratzen da metodo hau. Honako fase hauek ditu:

  • Intentzioa→ Taldeak proiektu desberdinez eta lanerako antolakuntza moduez eztabaidatzen du. Ezaugarri nagusiak zehaztu eta landu nahi diren helburuak finkatzen dira.
  • Prestakuntza→  Burutuko den proiektua doitasunez definituko da. Proiektuaren garapenerako beharrezkoak diren baliabide, material, informazioen, aurreikusten diren pausu eta denboren planifikazio eta programazioa gauzatu behar da.
  • Egikaritzea→ Dagokien jarduerei ekingo zaie eta hautatutako proiektura moldatuko dira ikaskuntza arlo desberdinetako teknika eta estrategiak.
  • Ebaluazioa→ Egindakoaren eraginkortasuna eta balioa egiaztatuko dira. Aurreikusitako helburuak lortu diren baloratuko da, eta ikasle bakoitzaren paper eta parte-hartzea aztertuko dira.
2.2. INGURUAREN IKERKETA

Ikaslearentzat intereseko den gai baten inguruko arazo eta galderen ebazpenean jartzen du arreta, eta bilaketa eta ikerketa lana dira estrategia honen tresnak. Bere faseak hauek dira:

  • Motibazioa→ Gai jakin batekiko ikasleen interes eta arreta bereganatzean datza. Gai horren inguruko zalantzak izango dira ikerketaren oinarriak, interesek aztertzera bultzatuz.
  • Zalantzen mahaigaineratzea→  Ikasleek dituzten zalantzak beraien artean eta irakaslearen artean konpartituko dituzte. Jarraian, denendako ikusgarri dagoen lekuren batean idatziko dituzte beraien galderak eta  sistematikoki erantzungo dituzte.
  • Uste eta hipotesien planteamendua→ Zalantzak argitu ondoren, ikasleek gaiari buruz dakitena ezagutzeko momentua da, beraien erantzun intuitiboak edo hipotesiak azaleratuz. Suposizio horiek izango dira informazioaren bilaketa eta ondorioen elaborazioa egiteko jarraibideak.
  • Informazio-bideen ezarpena→ Informazio bilaketari ekiten zaio, benetako ikerketari. Erantzunak aurkitzen edo suposizioak egiaztatzen nork lagundu diezaiekeen pentsatuko dute, beraien jakintza handitzeko. Erabiliko diren baliabideak hautatuko dira.
  • Informazioaren bilaketa→  Informazioa eskuratzeko bide ezberdinak jarraitu ahal izango dituzte: idatzizko euskarriak, gaia gertutik ezagutzen duten pertsonak, behaketa zuzena, etab.
  • Datuen hautaketa eta sailkapena→ Jasotako informazioa sailkatu, txukundu eta hautatu beharko dute ikasleek. Aurretik ezarritako hipotesiak egiaztatzeko edo baztertzeko balio dien informazioa aukeratuko dute.
  • Ondorioen zehaztapena→  Hasierako zalantzak eta galderen ondorioak ateratzeko nahiko informazio izan ondoren, guztien artean eztabaidatuko dituzte emaitzak, lanaren hasieran planteatu ziren ikuspuntu desberdinen inguruan akordio komunetara heltzea helburu izanik.
  • Orokortzea→ Egoera desberdinetarako balio duten enuntziatu argitzaileak zehaztuko dira. Horretarako, errealitate desberdinei begirako orokortze lan bat egingo da. Enuntziatuez osatuko da ikaskuntzarako edukia, eta ikasleek koadernoan idatziko dituzte ikerketaren ondorioekin batera.
  • Ondorioen adierazpena eta komunikazioa→ Bukatzeko, lanaren nondik norakoak ebaluatuko dituzte, hau da, egindakoari esker atera duten informazioa ebaluatu eta horretaz gain, beraien arteko elkarlana nolakoa izan den.

2.3. INTERES GUNEAK

Metodo hau Ovidio Decrolyk sortu zuen, haurrei bizitzarako eta bizitzan ikasteko aukera emateko helburuarekin sortua. Decrolyk haurrek eskolan ikasi beharreko edukiek beraien garapenarekin eta interesekin zerikusirik ez zutela ikusi zuen, eta horregatik, arazo horri aurre egiteko interes guneak izeneko metodoa sortu zuen. Metodo hau, hortaz, haurren behar eta interesetatik abiatzen da, eta landuko den gaiak hainbat beharrizan asebetetzen ditu (soziala, intelektuala, emozionala, etab.). Interes guneen bitartez, haurrek interesa pizten dizkien esperientziak barneratzen dituzte modu global batean. Hiru fase bereizten dira:
  • Behaketa→ Fase honetan, ikasleak pertzepzioaren eta esperientziaren bitartez nozio batzuk eskuratzen ditu. Egindako lanketak esperientzia sozial, familia eta eskolarekin konektatu behar du ikasleak. Ikasleak behatu egingo du azterketa bat egiteko asmoz. Horretarako bi behaketa mota burutzen ditu ikasleak: alde batetik, zuzena, landuko diren objetuak eskura dituztenean egiten dena, honen bitartez, buru irudi sendoak eratzen dira; bestalde, zeharkakoa, landuko dena eskuragarri ez dagoenean egiten dena, argazki, maketa… bidez, honela jarduera mentalaren garapena gauzatzen da.

  • Asoziazioa→ Fase honek logikazko erlazio batzuk egitea eta lanketa pertsonal bat suposatzen dizkio haurrari. Kontaktu gaitzak eta ikuskaitzak diren errealitate eta ideiekin lotzen du ikasleak ikusitakoa, eta horrela, ikasleak landutako errealitatea aztertu, erlazionatu eta sistematizatzen du. Asoziazio ezberdinak bereizten dira, eta bakoitzaren bitartez haurrak gauza ezberdinak barneratzen ditu:
    • Espazioko  asoziazioak (non, nondik, nolakoa…): kokapena eta norabidea, forma eta tamaina.
    • Denborazko asoziazioak (noiz, urtaroak, arin, garaia…): segida, iraupena, aldiberekotasuna.
    • Kausazko asoziazioak (zer, zergatik, nola…): hausnarketa, gaiaren inguruko funtsezko auziak.
    • Erabilgarritasun eta lan asoziazioak (nork, nola…): elementuen erabilgarritasuna, lanbideak eta eginkizunak, gizakiaren eta inguruaren erlazioak.
    • Etika, moral eta sozial asoziazioak (nola, zer egin…): balioak, jarrerak, arauak.
  • Adierazpena→ Ikasleak behaketa burutu eta asoziazio bidezko azterketa egiten duen bitartean errealitatera hurbiltzen da, eta orduan adierazpenerako modu ezberdinak eskaini behar zaizkio, komunikazio eta adierazpeneko gaitasunak gara ditzan. Honako hauek izango lirateke: hizkuntza adierazpena, matematika adierazpena, gorputz adierazpena, plastika adierazpen eta musika adierazpena.  Fase honetan, ikasleak bere pentsamendua adieraziko du besteei modu eskuragarriagoan, eta bere buruari modu zehatzagoan (marrazkia, modelaketa…) edo abstraktuagoan (irakurketa, idazketa…). Irakasleak aukera berriak eskaini behar dizkio ikasleei estimulu gisa, hauek beraien estrategia pertsonalak bila dezaten adierazpen eta komunikaziorako.

3.OINARRITZEA

Azaldutako metodo globalizatzaileak justifikatzeko arrazoiak bi dira. Lehenengoa, irakaskuntzarekin estuki lotuta dagoena eta bestea, berriz, ahalik eta ikaskuntza esanguratsuena lortzearen beharrarekin.

3.1. IRAKASKUNTZAREN HELBURUAK

Irakaskuntzak errealitatea ezagutu eta ulertzeko gai izango diren herritarrak formatzea aldarrikatzen du; gizartea eta mundua ezagutu eta parte hartze kritiko, solidario eta demokratikoaren bitartez bertan eragitea, gizakia gizarteko partaidea baita. Irakaskuntzaren helburua bizitzarako ezagutza eta jokabidea izanik, ikerketa objektua errealitatea izateak logikoa dirudi. Horregatik, errealitatea ezagutuz, eta egoera zehatzetatik abiatuz gauzatu beharko da irakaskuntza. Ezagutzak errealitatea ulertu eta bertan eragiteko tresna bihur daitezen, oso garrantzitsua da jakintzen integrazioa burutu eta erlazio harremanak ezartzea.

3.2. IKASKUNTZEN ESANAHIA

Ikaskuntzaren ikuspuntu eraikitzaileak eta haren printzipio pedagogikoek ikuspegi globalizatzaileak erabiltzeko egokitasuna arrazoitzea ahalbidetzen dute. Ikaskuntza edukia esanguratsua izan dadin, zer den, zer irudikatzen duen eta nola erabil dezakegun jakitea beharrezkoa da.

Modu esanguratsuan ikasteak, aurrez eskatutako ezagutzen eta berrien artean egiakoak eta ez arbitrarioak diren ezagutzen artean harremana ezartzea suposatzen du. Horretarako, ikasleen garapen mailari erreparatu behar diegu; momentu jakin batean zer egiteko eta ikasteko gai den jakitea, beraien Garapen Hurbileko Eremuaren bitartez aurrera egiteko. Horretatik abiatzean, irakaskuntza eraginkorra deituko diogu. Erlazioak ezartzeko garaian komenigarria izango da, autoestimua indartzea ikasleek aldeko jarrera izan dezaten. Erlazio horiek ezartzea ez da erraza izaten; beraz, beharrezkoa izango da ezagutzen dena eta ezagutu berri dena uztartzea ahalbidetuko duten jarduera mentalak sustatzea.

  • Aurretiko ezagutzen eta berrien arteko erlazioa: Ikuspuntu globalizatzaile baten baitan, egoera erreal eta konplexu batetik abiatuz ezartzen diren aurretiko ezagutzen eta berrien arteko erlazioa handiagoa izango da; izan ere, loturak handitzean, ikaskuntza esanguratsuagoa izango da eta askotariko egoeretan aplikatu ahal izango da.

  • Esanguratsua eta funtzionala: Ikasleek edukia zergatik eta zertarako ikasten duten ulertzen dutenean barneratuko dute ikasleek hobekien. Estrategia globalizatzaileetan lantzen diren edukiak lantzeko arrazoiak ondorengoak dira: proiektu jakin bat sortzea, gai bat ezagutzea eta zalantzak argitzeko gakoa izatea.

  • Jarduera mentala: Ulertuz ikastea zaila izaten da, ikasten denari esanahia erantsiz ikasteko esfortzu mentala egitea beharrezkoa da. Horregatik, garrantzitsua da ikasgelan ikaskuntza berriak eraikitzea posible egingo duten ariketa eta esperientziak lantzea. Gertuko esperientzietatik abiatuz, gero eta orokorragoak diren irudikapen mentalak eraikiko ditu ikasleak. Jarduera mental horrek pedagogi aktiboak sortzeko aukera eskaini du. Beharretatik abiatutako ikaskuntzan sinesten dute estrategia globalizatzaileek, ez inposatutako ezagutzetan. Estrategia globalizatzailearen baitan burutzen dituzten ariketek ulerkorra den ezagutza erdietsi eta ondorioak ateratzeko beharrezkoa den ariketa mentala egitera derrigortuko dituzte.

  • Aldeko jarrera: Ikasleen interesa eta motibazioa geroz eta handiago izan, orduan eta esfortzu txikiagoa egin beharko dute ikasteko. Hori izan daiteke hezitzaile desberdinek metodo globalizatzaileak proposatu eta garatzearen arrazoietako bat. Aurretik azaldutako hiru metodoak ikasleen interesetatik abiatzen dira eta prozesu guztian zehar atentzioa mantentzean garatzen dira, landutako edukiak barneratzea helburu dutelarik. Lantzen diren edukiak errealitatean sortzen diren gatazkak eta zalantzak erantzuteko balio badute, ikasleek interesa izango dute eta positiboki baloratuko dituzte.

  • Denboraren antolaketa: Metodo globalizatzaileen bitartez askotariko edukiak lantzen dira, baina horrek ez du ziurtatzen diziplina bakoitzeko eduki guztiak lantzen direnik. Metodo hauen bitartez egiten den ikaskuntza oso aberatsa eta esanguratsua den arren ez da ziurtatzen burututako lana nahikoa denik ikasleen ikaskuntzarako. Esan beharra dago, metodo globalizatzaileetan diziplinak ez direla helburua, errealitatea hobeto ezagutzeko bitartekoa baizik.

martes, 28 de febrero de 2017

Bizipenak eta curriculuma erlazionatzen.



INAUTERIAK

Inauterietako argazkien inguruan hausnartu dugu, eta horrekin lotuta curriculumeko hainbat helburu landu daitezkeela deritzogu. Alde batetik, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuarekin lotu genezake haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko helburua. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuari dagokionez, inauterien bitartez komunikatzeko jarrera irekia izatea landu dezakegu, horrela beste errealitate eta kultura batzuk deskubritu eta errespetatzeko.

    Haur Hezkuntzako curriculuma aztertu ondoren, inauterien gaiarekin lotutako edukiak identifikatzen aritu gara. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, hurbileko gizarte-inguruaren ezaugarriak behatzea eta kulturarekiko interesa izatea lantzea garrantzitsua dela deritzogu, beste kultura ezberdinak ezagutzen hasteko. Horrez gain, norberak egiten dituen eta ingurunean egiten diren jarduera soziokulturalak balioestea eta horietan parte hartzea sustatu behar da; norberaren nortasun-zeinuetako batzuk ezagutzeko. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalari dagokionez, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa errazten da inauterien lanketaren bitartez. Gainera, jai honetan dantzak lantzen direnez, dramatizazioetan, dantzetan eta gorputz-adierazpenetan parte hartuz espazioaren, erritmoaren eta denboraren lehen nozioak finkatzen dira mugimenduaren bidez.

    Inauteriekin erlazionatuta landu daitezken edukiak ebaluatzeko hainbat ebaluazio-irizpide agertzen dira curriculumean. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, honako hauek hartzen dira kontuan: pertsonen arteko desberdintasunak eta antzekotasunak ezagutzen ditu; ingurunean egiten diren kultura-adierazpen batzuk ezagutzen ditu; askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu; kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” arloan inauteriak lantzerako garaian, ebaluatzeko irizpide hauek jarraitzen dira: askotariko komunikazio estrategiak erabiltzen ditu bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko; gorputzaren, musikaren, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen hizkuntzak eta plastikaren material, tresna eta tekniken adierazpen-ahalmenak probatzen eta esploratzen ditu; musikako, gorputz-adierazpeneko edota adierazpen plastikoko jardueretan parte hartzen du, banaka nahiz taldean; gogoz eta arretaz begiratzen ditu askotariko kultura-adierazpenak eta gainerako pertsonek egindako kultura-ekoizpenak.

FAMILIA

    Familiaren argazkiei erreparatuz, gai horren bitartez curriculumeko hainbat helburu landu daitezkeela uste dugu.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan familia landuz hainbat helburu lortu daitezkeela uste dugu, besteak beste: ongizate emozionalari eta fisikoari dagozkion jarrerak lantzea, segurtasun afektiboa finkatu eta eguneroko bizitzako egoerez gozatzeko; ohartzea norbere pertsona berezia dela eta nork bere buruaren gaineko irudi orekatu eta positiboa osatzea, norberaren nortasuna eraikitzeko; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren eta gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuari dagokionez, aldiz, norberak zer emozio eta sentimendu dituen ezagutzea eta horiez jabetzea, horiek guztiak komunikazio-asmoz adierazteko eta arian-arian gainerako pertsonenak aintzat hartzeko helburua landu daiteke, baita gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko helburua ere.

    “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, ondorengo eduki hauek aurkitu ditugu: norberaren segurtasun afektiboa ziurtatzeko estrategiak erabiltzea; konfiantza izatea zereginak laguntzarekin betetzeko eta eguneroko bizitzako zailtasunak gainditzeko ahalmenean; konfiantza izatea norberaren ekintza-ahalmenean; norberaren eta gainerako pertsonen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak adieraztea, identifikatzea eta erregulatzen hastea, laguntza onartzea eta hura bilatzea; lotura afektiboak bilatu eta ezartzea inguruko pertsonekin, eta enpatia jarrerak izaten hastea; zer gizarte taldetako partaide den jakitea eta horiek bereiztea, familia-ereduak, senidetasun-harremanak, etab. barneratuz. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalean aldiz, honako eduki hauek aurkitu ditugu: komunikazio-harremanen oinarrizko arauak erabiltzen hastea; pertsona helduek eta haurrek eguneroko bizitzako egoeretan dituzten komunikazio-xedeak ulertzea eta horietara egokitzea.
    Haur Hezkuntza garaian, familiarekin landu nahi dena lortu den ala ez jakiteko, ebaluazio-irizpide batzuk finkatzen dira curriculumean. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, honako hauek dira ebaluazioa egiteko jarraitzen diren irizpideak: kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu; gizarteko hartu-emanetan parte hartzen du, kortesiazko arau batzuk beteta; elkarbizitzarako arau batzuk ezartzea beharrezkoa dela daki. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, aldiz, ondorengo irizpide hauek hartzen dira kontutan: ahozko hizkuntza erabiltzen du egoera askotan eta solaskide ugarirekin komunikatzeko, gizarte arau batzuk betez; sentimenduak eta emozioak ezagutzen eta bereizten ditu.

NATURA

    Naturaren arloari dagokionez, gure ustez, curriculumeko helburuetan ez zaio garrantzia handirik ematen. Horren adierazle dugu “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan ez dagoela naturarekin harreman zuzena duen helbururik, izan ere, eremu hau komunikazioari dagokio eta guk natura horrekin lotuta ez dagoen ikuspegitik aztertu dugu.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, berriz, hainbat helburu garrantzitsu daudela ikusi dugu: lehenik, ingurune fisikoa arakatzea eta esperimentatzea eta haren elementuetako batzuen ezaugarriak ezagutzea, elementu horien gainean eragin eta haiek eraldatzeko gaitasuna lantzeko, eta interes eta errespetuzko jarrerak lantzea; horrez gain, gorputza kontrolatzeko bidea urratzea, zentzumen-pertzepzioa lantzea eta testuinguruaren ezaugarrietara doitzea.

    “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan naturarekin erlazionatuta dauden hainbat eduki identifikatu ditugu: naturako elementuak eta fenomenoak behatzeko interesa piztea, haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen hasteko; ingurune naturala eta haren baitako elementuak esploratzea, bereiztea  eta ezagutzea; naturaren eta izaki bizidunen gaineko jakin mina, interesa eta errespetua izatea. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, berriz, gai honekin lotutako eduki hau topatu dugu: zentzumenak esploratzea, askotariko materialak eta tresnak erabiltzea eta hauen ezaugarri batzuk erabiltzea.

    Aurretik azaldu bezala, haurrekin natura lantzeko hainbat eduki garrantzitsu daudela pentsatzen dugu eta eduki horiek ebaluatzeko, curriculumean hainbat irizpide azaltzen dira. Esan beharra dago, aztertzen aritu garenean ez ditugula “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuarekin erlazionatutako irizpiderik aurkitu. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hainbat irizpide aurkitu ditugu, besteak beste: inguruko objektu fisikoen propietate eta ezaugarri batzuk ezagutzen eta bereizten ditu; objektuen ezaugarrien eta haien portaera fisikoaren arteko loturak egiten ditu; elementu eta material batzuen portaerari buruzko hipotesiak egiten eta egiaztatzen ditu.

JOLASA

    Jolasarekin erlazionatutako helburuen inguruan, esan dezakegu oso anitzak direla. Alde batetik,  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hainbat dira jolasarekin lotutakoak: elementu eta bildumek zer ezaugarri dituzten jakitea, multzokatzeko, sailkatzeko, ordenatzeko eta zenbatzeko erlazioak ezartzea; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, eta norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko, eta sumisio nahiz nagusitasunerako jarrerak baztertzea; gorputza kontrolatzeko bidea urratzea, mugimenduaren tonua, oreka eta koordinazioa lantzea.  Bestalde,  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, beste hainbat helburu ditugu: norberak zer emozio eta sentimendu dituen ezagutzea eta horiez jabetzea, horiek guztiak komunikazio-asmoz adierazteko eta, arian-arian, gainerako pertsonenak aintzat hartzeko; gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko; komunikatzeko jarrera irekia izatea, beste errealitate eta kultura batzuk deskubritu eta errespetatzeko.

    Gure aburuz, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera”  atalean, jolasarekin erlazionatutako hurrengo eduki hauek landu beharko lirateke: gorputzaren tonua eta jarrera objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen, egoeren eta espazioaren ezaugarrien arabera kontrolatzen eta egokitzen hastea; gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan; espazioak behatzea eta arakatzea, eta haietan dauden objektuak erabiltzea zentzumenen eta ekintzen bidez; jolasa erabiltzea ingurune fisikoa esploratzeko, jolasaren bidez disfrutatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioestea; jolas sinbolikoaren bidez, egoera errealak edo irudizkoak eta pertsonaiak antzeztea; jolas-arauak ulertzea eta onartzea, gelakideekin harreman orekatua izateko elkarren artean. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalean, aldiz, jolasaren lanketari esker hainbat edukitan sakondu daitekeela deritzogu: elementuen eta multzoen arteko loturak eta zenbakirik gabeko kuantifikazioak egitea; materialen eta tresnen ezaugarri batzuk deskubritzea eta objektuen arteko antzekotasunak eta diferentziak hautematea; sormena adieraztea hizkuntzaren ahozko erabilera egiten duten jolasetan, ondo pasatu eta ikasteko;sozializazioa ematen den egoeretan, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa burutzea.

    Askok jolasa ekintza gehigarri moduan ikusten dute baina, gure aburuz, Haur Hezkuntza garaian jolasa ezinbestekoa da,  jolasaren bidez haurrek hainbat eta hainbat eduki ikas baititzakete. Jarduera honen bitartez lantzen diren eduki horiek, behaketaren bidez ebaluatzen dira irizpide batzuk curriculumean oinarritutako irizpide batzuei jarraituz. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, item hauek jarraitzen dira ebaluazioa egiterako garaian: jolasetan eta taldeen proposamenetan gogoz parte hartzen eta laguntzen du, jolas sinple batzuen arauak onartzen eta betetzen ditu, gero eta gehiago kontrolatzen du gorputza, bai mugimenduan bai geldirik dagoenean, gero eta trebetasun gehiago eskuratzen ditu, objektuen ezaugarrien eta haien portaera fisikoaren arteko loturak egiten ditu, pertsona helduen laguntzarekin, gailu teknologiko eta digitalak erabiltzen ditu, jolasteko eta inguruko errealitatea ulertzeko, sentikorra da gainerako pertsonen interesekin eta gogoarekin. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” arloan, berriz, hauek dira identifikatu ditugunak: askotariko komunikazio-estrategiak erabiltzen ditu bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko; jolasetan, pertsona helduen eta kideen komunikazio-xedeak ulertzen ditu; ahozko hizkuntza erabiltzen du bere adinekoekin eta pertsona helduekin harremanak dituenean, komunikazio-xedeak aintzat hartuta eta entzuteko jarrera arretatsua eta errespetuzkoa izanda; elkarrizketen bidez edo txandaka parte hartzen du komunikazio-egoeretan eta gizarte-harremaneko jolasetan.

ZALETASUNAK

    Zaletasunaren arloa, jolasarenarekin oso erlazionatuta dagoen arren, badira helburu batzuk jolasean aipatu ez ditugunak.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan bizpahiru helburu aurkitu ditugu: gizartean jokatzeko oinarrizko jarraibidea barneratzea eta norberaren portaera jarraibide horietara moldatzea, gero eta modu egoki eta orekatuagoan; hurbileko gizarte taldeak ezagutzea eta haien kultura ekoizpenetara eta balioetara jarrera irekiz gerturatzea, konfiantza, errespetu eta balioespeneko jarrerak lantzeko; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, eta norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko, eta sumisio nahiz nagusitasunerako jarrerak baztertzea. Bestalde,  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, bi helburu garrantzitsu azpimarratu ditugu: arte-produkzioetan parte hartzea, askotariko teknikak erabilita, komunikazio-aukerak arakatu eta kultura bera ulertzen hasteko; gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko.

    Esparru honetan, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hain zuzen ere, eduki hauek lantzen direla pentsatzen dugu: gorputzaren tonua eta jarrera objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen, egoeren eta espazioaren ezaugarrien arabera kontrolatzen eta egokitzen hastea; gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan, ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin-mina izatea; afektu eta enpatiako harremanak sortzeko jarrera positiboa izatea eta talde-lanetan laguntzea; haurrek harreman orekatuak izatea elkarren artean, estereotipo eta aurreiritzi sexista batzuk identifikatzea eta baztertzea.  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, berriz, beste eduki hauek lantzea posible dela deritzogu: informazio, beharrizan, emozio eta gogoak hitzen bidez adierazi eta azaltzea egoera ezberdinetan; gainerako pertsonen adierazpen eta azalpenekiko interesa eta begirunea izatea.

    Haur bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere gustu eta zaletasunak ditu. Zaletasun horiek mota askotarikoak izan daitezke, baina, denak edo ia denak irizpide hauen bitartez ebaluatu daitezke. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, irizpide hauek jarraitzen dira haurrak egiten duena ebaluatzeko: zentzumenak eta horiei dagozkien sentsazioak ezagutzen ditu; gero eta gehiago kontrolatzen du gorputza, bai mugimenduan, bai geldirik dagoenean; gero eta trebetasun gehiago eskuratzen ditu; gauza berriak egiteko ekimena du eta bere disfrutatu egiten du bere aurrerapenekin; inguruan egiten diren kultura-adierazpen batzuk ezagutzen ditu; tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, hauek dira jarraitzen diren irizpideak: gero eta adierazpen agerikoagoak eta egokiagoak egiten ditu bere beharrizanak, sentsazioak eta gogoak azaltzeko; galderak egiten ditu gauzak hobeto ulertzeko; laguntza eskatzen du beharrizanak eta bere gogoa asetzeko; arretaz eta errespetuz entzuten ditu solaskideak.

ILUSIOA

   
    Taldekideen blogak elkarjartzen aritu girenean, argazki edo bizipen zehatzetan agertu ez arren, denok hitz egin genuen haurtzaroan genuen ilusioaren inguruan. Horregatik, arlo hori aipagarria dela iruditu zitzaigun, baina Haur Hezkuntzako curriculuma aztertzean, horren inguruan ez dagoela ezer zehatzik ikusi dugu. Ez dago, helburu, eduki ezta ebaluazio irizpiderik ere zuzenean gai hau jorratzea bideratzen duenik, baina zeharka Haur Hezkuntzako garaian beti lantzen da, ilusio hori haurrengan baitago. Gure iritziz, curriculumean agertzen ez den arren, Haur Hezkuntzako hezitzaile ororen eginkizunetako bat haurren ilusioa piztea eta mantentzea izan beharko litzateke.

lunes, 27 de febrero de 2017

Bizipen elkarjartzea.





      Didaktika Orokorra ikasgaian bakoitzak bere bloga sortu ondoren, lehenengo sarrera egin dugu, bertan gure Haur Hezkuntza garaiko argazki esanguratsuenak eta bizipen garrantzitsuenak azalduz. Blog guztiak elkarri erakutsi ondoren, eta gure istorioak besteekin elkar jartzerakoan, hainbat ideia edo bizipen amankomunean ditugula ikusi dugu.


     Hasteko, lehenengo ideia eta errepikatuena, inauteriena izan da. Ideia hau oso esanguratsua dela ohartu gara, izan ere taldekide guztiok aipatu dugu inauterien inguruko bizipenen bat. Horregatik, uste dugu, Haur Hezkuntzako garaian inauteriak oso garrantzitsuak izaten direla, eta eragin handia izaten dutela haur guztiengan. Inauteriek egunerokotasuneko pertsonatik aldentzea ahalbidetzen digute, eta horrela egun batez izan nahi dugun hori izaten gara, adibidez, super-heroiak, printzesak, etab. Honen bitartez, ikus dezakegu, bakoitzak “bizitza errealean” duen rola alde batera uzten duela edo etiketak baztertu egiten direla. Hau da, egun horietan denak mozorrotzen garenez, nahiz eta bakoitzak mozorro ezberdina izan, lotsak eta beldurrak gutxitzea edo alde batera uztea ahalbidetzen du. Gure ustez, inauterietako mozorroen bitartez animaliak, lanbideak, rol ezberdinak, etab. landu daitezke.


     Bestalde, gure inguru hurbileko jendea, gure familia, alegia, txiki-txikitatik oso garrantzitsua izan dela eta garrantzitsua izaten jarraitzen duela nabaritu dugu. Beraiek, konfiantzazko eta segurtasunezko ingurua sortzen dute eta bakoitza den bezalakoa izateko aukera ematen digu. Konfiantza eta segurtasuna emateaz gain, uneoro laguntzeko eta zailtasunen aurrean konponbideak aurkitzeko gure ondoan egoten dira. Gure bizitzaren ibilbidean oso presente ditugun pertsonak dira, eta egunerokotasunean behar-beharrezkoak ditugunak. Beraien bitartez, ohiturak, baloreak, kultura… ikasten ditugu. Nahiz eta “familia” hitzaren kontzeptuan lagunak ez sartu, badaude pertsona batzuk oso garrantzitsuak direnak eta gurekin daudenak momentu on eta txar guztietan. Gure argazkietan, familiaz gain, lagunen figura askotan agertu dela ikusi dugu. Txikitan gure gelakideak soilik ziren batzuk, orain lagun oso onak izatera pasatu dira. Gai honen bitartez, gelan familia aniztasuna landu daiteke, hau da, kultura ezberdinetakoak, familia mota ezberdinak,etab.


     Jarraitzeko, gure txikitako argazkietan naturarekin harreman estua izan dugula ikus dezakegu. Denak naturaz inguratuta bizitzeko zortea dugu eta bertatik gauza asko ikas ditzakegu. Hala nola, animaliak nola bizitzen diren, zer jaten duten, urtaro bakoitzean zuhaitzek zein fruitu ematen duten, jakiak nondik ateratzen diren… Gainera, naturarekin harremanetan egotean, inguruko elementuak errespetatzen eta denon artean elkarbizitzen ikasten dugu. Horregatik, txikitatik bultzatu eta sustatu behar dena dela pentsatzen dugu, naturak egoera onean urtetan zehar gure inguruan iraun dezan.


     Laugarren ideiarekin jarraituz, jolasak bizitza osoan zehar, eta haurtzaroan bereziki,izugarrizko garrantzia duela uste dugu. Jolasak mota askotakoak izan daitezke: jolas sinbolikoa, eraikuntza jolasa, jolas heuristikoa… Askok pentsatzen dute jolasaren bitartez ezinezkoa dela zerbait ikastea, baina, gure aburuz, jolasa ikasteko modurik dibertigarriena eta errazena da. Haurrek garrantzi handia ematen diote jolasari, eta askotan, nahigabe eta konturatu gabe gauza asko ikasten dituzte, modu tradizionalean baino, hau da, mahaian eserita baino. Jolasak, ikasteko izateaz gain, dibertitzeko, beraien artean harremanak indartzeko eta sustatzeko eta norberaren nortasuna eta identitatea finkatzeko balio du beste hainbat gauzen artean.


     Aurreko ideiarekin lotuta dagoen beste gai bat, zaletasunen gaia da. Gure argazkietan, hainbat zaletasun edo ekintza ezberdin ikusi ditugu, hala nola, marrazketa, euskal dantza, judoa, musika, balleta… Konturatu gara jarduera horiek gure bizitzan markatu gaituztenak direla eta gaur egun ere, gure bizitzan mantentzen direla. Zaletasun hauen bitartez eguneroko ohiko egoeretatik apur bat aldendu egiten gara, eta horrek modu askeago batean egotea ahalbidetzen digu, gustuko dugun ekintzetan disfrutatuz. Honen bitartez harremanak sustatzen dira, taldea izaten eta besteak errespetatzen ikastea denak helburu berdina dutelarik. Horrez gain, kirol ezberdinak landu daitezke, baita psikomotrizitatea ere. Gainera, honen guztiaren bitartez bizitza osasuntsu bat izateko ohiturak edo bideak erakutsi daitezke.


     Bukatzeko, argazki zehatz batzuetan ageri ez den arren, Haur Hezkuntza garaian bada ideia bat guztiok batzen gaituena, ilusioa edo haurraren izatea. Txikiak garenean pozik bizi gara, eguna jolasean eta algaran pasatzen dugu. Izaten ditugun ardura handienak jolasaren ingurukoak izan ohi dira, eta urteak aurrera egin ahala, ilusio hori moldatzen joaten da, beste rol batzuk hartzen baititugu. Nahiz eta ilusio hori bizitzan zehar aldatzen joan, denon oroitzapenetan geratzen da txikitan genuen ilusio hori, oso berezia baitzen. Hau, azken finean, ikasi edo landu ezin den zerbait dela uste dugu, ilusioa bakoitzaren barnean dagoen sentimendua baita, baina egia da hainbat faktorek gure ilusioa baldintzatu dezaketela.

lunes, 6 de febrero de 2017

Argazkiak



     Hurrengo argazki hauek nire haurtzarokoak dira. Bertan gaia desberdinak jorratu ditut nire bizitzan zerbat garrantsitzua izan direlako. Bertako oroitzapen guztiak onak dira eta horregatik zuekin banatu nahi ditut.
     Lehenengo lau argazki hauek haur hezkuntzan nengoenekoak dira. Bertan ikusi daiteke hainbat ekintza desberdin egiten esta ospatzen genituela. Nahiz eta argazki guztietan adin berdina ez izan, oso gertu daude bata besteatik.



     Lehenengo argazki honetan ikusi daitekenez, eskolako jangelan da. Bertan oraindik ere oso lagun onak diren bi lagun agertzen dira. Beti elkarrekin bazkaltzen genuen.


     Bigarren argazki honetan berriz, lagun baten bigarren urtebetetzea ospetzen hari gara. Norbaiten urtebetetzea zenean, irakasleak korona antzeko bat egiten zion, eta eskolan ospatzen genuen. Urteak betetzen zuen haurraren gurasoak bizkotxo edo antzeko zerbit ekartzen zuen etxetik, berak egina edo erosia, eta hamaiketako orduan jan egiten genuen urteak ospatzeko.


     Hirugarren hau Santo Tomas ospatzen da. Ikusi daitekenez baserritarrez jantziak gaude, gaboneko jaiak baino lehen, Santo Tomas egunean. Ekintza ezberdinak egiten genituen, jolas ezberdinak, egun hau ospatzeko. Hamaiketakoa jateko orduan, txistorrezko bokata txikiak ematen ginztuzten.




     Azken honetan, eskolan egoteaz gain, irteerak ere egiten genituela ikusi daiteke, adibidez, Donostiko Acuarium-era edota Planetarium-era. Gure herritik ere hainbat ekintza ezberdin egiten genituen, adibidez hondartzara joaten ginen edota eskola ondoko parkera. 





     Argazki hau nire lehenengo urtebetetzea da. Hau aukeratu dut  nire ustez garrantzitsua delako urteak betetzea, bizirik gaudela eta bizitzen jarraitzeko gogoak ditugula adierazten duelako. Bertan ikusi daiteke familiaz eta lagunez inguratuta nagoela, nire urtebetetzea ospatzen, nire inguruan garrantzia duelako horrelako egunak ospatzea eta elkarrekin pasatzea. 


       Argazki hau Hondarribiko Jaietakoa da. Betidanik, eta betirako, oso garrantzitsuak dira niretzako jaia hauek. Argazki hau Irailak 8koa da. Egun hontan, 1638. urtean Hondarribiak Frantziaren aurkako gerra irabazi zuela ospatzen da. 1639. urtetik ospatzen da eta "desfilea" ikusten dugunok, txuriz, beltzez edo gorriz janzten gera. Tradizio bat da, Hondarribiko tradizioa, eta niretzako eta bertako pertsona guztientzako garrantzi handia dauka. Ospakizun bat izateaz gain, egun hontan familia guztia elkartzeko aukera da, maitasuna eta ilusioa pilpilean dagoelarik. Nirekin agertzen den emakumea, nire izeba da. 



     Hurrengo argazki hau nire aitona-amonaren etxean da, bainu bat hartzen. Argazki hau betidanik gustatu zait haietan pentsarazten nauelako, eta naiz eta oraindik nirekin bi amona eta aitona bat izan, haiengan pentsatzea asko gustatzen zait, niretzako erreferentziazko pertsonak direlako eta asko maite ditudalako. Honetaz gain, argazki hau aukeratu dut higienea oso garrantsitsua delako, batez ere haurrak garenean, denbora guztian edozer gauza hartzen eta ikutzen dugulako. 

    Argazki hau nire etxean da. Margotzen hari nintzela lo geratu nintzen. Txikitan asko margotzen nuen, asko gustatzen zitzaidan, eta nire ustez oso garrantsitsua da haurrak margotzea eta pintatzea, marrazki horien bitartez emozio asko transmititzen direlako. Gainera honen bidez motrizitate fina lantzen da. 




     Azkeneko argazki hau inauterietakoa da. Nirekin dauden pertsonak nire anaia-arrebak dira. Guretzako oso garrantzitsuak izan dira beti inauteriak, beti ospatu ditugu lagunen artean eta oraindik ere egiten dugu. Beti zerbait espeziala prestatzen zuten gurasoek egun honetarako, eta urte haietako oroitzapen oso politak ditut.