martes, 28 de febrero de 2017

Bizipenak eta curriculuma erlazionatzen.



INAUTERIAK

Inauterietako argazkien inguruan hausnartu dugu, eta horrekin lotuta curriculumeko hainbat helburu landu daitezkeela deritzogu. Alde batetik, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuarekin lotu genezake haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko helburua. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuari dagokionez, inauterien bitartez komunikatzeko jarrera irekia izatea landu dezakegu, horrela beste errealitate eta kultura batzuk deskubritu eta errespetatzeko.

    Haur Hezkuntzako curriculuma aztertu ondoren, inauterien gaiarekin lotutako edukiak identifikatzen aritu gara. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, hurbileko gizarte-inguruaren ezaugarriak behatzea eta kulturarekiko interesa izatea lantzea garrantzitsua dela deritzogu, beste kultura ezberdinak ezagutzen hasteko. Horrez gain, norberak egiten dituen eta ingurunean egiten diren jarduera soziokulturalak balioestea eta horietan parte hartzea sustatu behar da; norberaren nortasun-zeinuetako batzuk ezagutzeko. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalari dagokionez, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa errazten da inauterien lanketaren bitartez. Gainera, jai honetan dantzak lantzen direnez, dramatizazioetan, dantzetan eta gorputz-adierazpenetan parte hartuz espazioaren, erritmoaren eta denboraren lehen nozioak finkatzen dira mugimenduaren bidez.

    Inauteriekin erlazionatuta landu daitezken edukiak ebaluatzeko hainbat ebaluazio-irizpide agertzen dira curriculumean. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, honako hauek hartzen dira kontuan: pertsonen arteko desberdintasunak eta antzekotasunak ezagutzen ditu; ingurunean egiten diren kultura-adierazpen batzuk ezagutzen ditu; askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu; kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” arloan inauteriak lantzerako garaian, ebaluatzeko irizpide hauek jarraitzen dira: askotariko komunikazio estrategiak erabiltzen ditu bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko; gorputzaren, musikaren, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen hizkuntzak eta plastikaren material, tresna eta tekniken adierazpen-ahalmenak probatzen eta esploratzen ditu; musikako, gorputz-adierazpeneko edota adierazpen plastikoko jardueretan parte hartzen du, banaka nahiz taldean; gogoz eta arretaz begiratzen ditu askotariko kultura-adierazpenak eta gainerako pertsonek egindako kultura-ekoizpenak.

FAMILIA

    Familiaren argazkiei erreparatuz, gai horren bitartez curriculumeko hainbat helburu landu daitezkeela uste dugu.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan familia landuz hainbat helburu lortu daitezkeela uste dugu, besteak beste: ongizate emozionalari eta fisikoari dagozkion jarrerak lantzea, segurtasun afektiboa finkatu eta eguneroko bizitzako egoerez gozatzeko; ohartzea norbere pertsona berezia dela eta nork bere buruaren gaineko irudi orekatu eta positiboa osatzea, norberaren nortasuna eraikitzeko; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren eta gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuari dagokionez, aldiz, norberak zer emozio eta sentimendu dituen ezagutzea eta horiez jabetzea, horiek guztiak komunikazio-asmoz adierazteko eta arian-arian gainerako pertsonenak aintzat hartzeko helburua landu daiteke, baita gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko helburua ere.

    “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, ondorengo eduki hauek aurkitu ditugu: norberaren segurtasun afektiboa ziurtatzeko estrategiak erabiltzea; konfiantza izatea zereginak laguntzarekin betetzeko eta eguneroko bizitzako zailtasunak gainditzeko ahalmenean; konfiantza izatea norberaren ekintza-ahalmenean; norberaren eta gainerako pertsonen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak adieraztea, identifikatzea eta erregulatzen hastea, laguntza onartzea eta hura bilatzea; lotura afektiboak bilatu eta ezartzea inguruko pertsonekin, eta enpatia jarrerak izaten hastea; zer gizarte taldetako partaide den jakitea eta horiek bereiztea, familia-ereduak, senidetasun-harremanak, etab. barneratuz. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalean aldiz, honako eduki hauek aurkitu ditugu: komunikazio-harremanen oinarrizko arauak erabiltzen hastea; pertsona helduek eta haurrek eguneroko bizitzako egoeretan dituzten komunikazio-xedeak ulertzea eta horietara egokitzea.
    Haur Hezkuntza garaian, familiarekin landu nahi dena lortu den ala ez jakiteko, ebaluazio-irizpide batzuk finkatzen dira curriculumean. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, honako hauek dira ebaluazioa egiteko jarraitzen diren irizpideak: kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu; gizarteko hartu-emanetan parte hartzen du, kortesiazko arau batzuk beteta; elkarbizitzarako arau batzuk ezartzea beharrezkoa dela daki. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, aldiz, ondorengo irizpide hauek hartzen dira kontutan: ahozko hizkuntza erabiltzen du egoera askotan eta solaskide ugarirekin komunikatzeko, gizarte arau batzuk betez; sentimenduak eta emozioak ezagutzen eta bereizten ditu.

NATURA

    Naturaren arloari dagokionez, gure ustez, curriculumeko helburuetan ez zaio garrantzia handirik ematen. Horren adierazle dugu “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan ez dagoela naturarekin harreman zuzena duen helbururik, izan ere, eremu hau komunikazioari dagokio eta guk natura horrekin lotuta ez dagoen ikuspegitik aztertu dugu.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, berriz, hainbat helburu garrantzitsu daudela ikusi dugu: lehenik, ingurune fisikoa arakatzea eta esperimentatzea eta haren elementuetako batzuen ezaugarriak ezagutzea, elementu horien gainean eragin eta haiek eraldatzeko gaitasuna lantzeko, eta interes eta errespetuzko jarrerak lantzea; horrez gain, gorputza kontrolatzeko bidea urratzea, zentzumen-pertzepzioa lantzea eta testuinguruaren ezaugarrietara doitzea.

    “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan naturarekin erlazionatuta dauden hainbat eduki identifikatu ditugu: naturako elementuak eta fenomenoak behatzeko interesa piztea, haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen hasteko; ingurune naturala eta haren baitako elementuak esploratzea, bereiztea  eta ezagutzea; naturaren eta izaki bizidunen gaineko jakin mina, interesa eta errespetua izatea. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, berriz, gai honekin lotutako eduki hau topatu dugu: zentzumenak esploratzea, askotariko materialak eta tresnak erabiltzea eta hauen ezaugarri batzuk erabiltzea.

    Aurretik azaldu bezala, haurrekin natura lantzeko hainbat eduki garrantzitsu daudela pentsatzen dugu eta eduki horiek ebaluatzeko, curriculumean hainbat irizpide azaltzen dira. Esan beharra dago, aztertzen aritu garenean ez ditugula “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuarekin erlazionatutako irizpiderik aurkitu. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hainbat irizpide aurkitu ditugu, besteak beste: inguruko objektu fisikoen propietate eta ezaugarri batzuk ezagutzen eta bereizten ditu; objektuen ezaugarrien eta haien portaera fisikoaren arteko loturak egiten ditu; elementu eta material batzuen portaerari buruzko hipotesiak egiten eta egiaztatzen ditu.

JOLASA

    Jolasarekin erlazionatutako helburuen inguruan, esan dezakegu oso anitzak direla. Alde batetik,  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hainbat dira jolasarekin lotutakoak: elementu eta bildumek zer ezaugarri dituzten jakitea, multzokatzeko, sailkatzeko, ordenatzeko eta zenbatzeko erlazioak ezartzea; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, eta norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko, eta sumisio nahiz nagusitasunerako jarrerak baztertzea; gorputza kontrolatzeko bidea urratzea, mugimenduaren tonua, oreka eta koordinazioa lantzea.  Bestalde,  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, beste hainbat helburu ditugu: norberak zer emozio eta sentimendu dituen ezagutzea eta horiez jabetzea, horiek guztiak komunikazio-asmoz adierazteko eta, arian-arian, gainerako pertsonenak aintzat hartzeko; gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko; komunikatzeko jarrera irekia izatea, beste errealitate eta kultura batzuk deskubritu eta errespetatzeko.

    Gure aburuz, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera”  atalean, jolasarekin erlazionatutako hurrengo eduki hauek landu beharko lirateke: gorputzaren tonua eta jarrera objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen, egoeren eta espazioaren ezaugarrien arabera kontrolatzen eta egokitzen hastea; gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan; espazioak behatzea eta arakatzea, eta haietan dauden objektuak erabiltzea zentzumenen eta ekintzen bidez; jolasa erabiltzea ingurune fisikoa esploratzeko, jolasaren bidez disfrutatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioestea; jolas sinbolikoaren bidez, egoera errealak edo irudizkoak eta pertsonaiak antzeztea; jolas-arauak ulertzea eta onartzea, gelakideekin harreman orekatua izateko elkarren artean. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” atalean, aldiz, jolasaren lanketari esker hainbat edukitan sakondu daitekeela deritzogu: elementuen eta multzoen arteko loturak eta zenbakirik gabeko kuantifikazioak egitea; materialen eta tresnen ezaugarri batzuk deskubritzea eta objektuen arteko antzekotasunak eta diferentziak hautematea; sormena adieraztea hizkuntzaren ahozko erabilera egiten duten jolasetan, ondo pasatu eta ikasteko;sozializazioa ematen den egoeretan, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa burutzea.

    Askok jolasa ekintza gehigarri moduan ikusten dute baina, gure aburuz, Haur Hezkuntza garaian jolasa ezinbestekoa da,  jolasaren bidez haurrek hainbat eta hainbat eduki ikas baititzakete. Jarduera honen bitartez lantzen diren eduki horiek, behaketaren bidez ebaluatzen dira irizpide batzuk curriculumean oinarritutako irizpide batzuei jarraituz. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, item hauek jarraitzen dira ebaluazioa egiterako garaian: jolasetan eta taldeen proposamenetan gogoz parte hartzen eta laguntzen du, jolas sinple batzuen arauak onartzen eta betetzen ditu, gero eta gehiago kontrolatzen du gorputza, bai mugimenduan bai geldirik dagoenean, gero eta trebetasun gehiago eskuratzen ditu, objektuen ezaugarrien eta haien portaera fisikoaren arteko loturak egiten ditu, pertsona helduen laguntzarekin, gailu teknologiko eta digitalak erabiltzen ditu, jolasteko eta inguruko errealitatea ulertzeko, sentikorra da gainerako pertsonen interesekin eta gogoarekin. “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” arloan, berriz, hauek dira identifikatu ditugunak: askotariko komunikazio-estrategiak erabiltzen ditu bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko; jolasetan, pertsona helduen eta kideen komunikazio-xedeak ulertzen ditu; ahozko hizkuntza erabiltzen du bere adinekoekin eta pertsona helduekin harremanak dituenean, komunikazio-xedeak aintzat hartuta eta entzuteko jarrera arretatsua eta errespetuzkoa izanda; elkarrizketen bidez edo txandaka parte hartzen du komunikazio-egoeretan eta gizarte-harremaneko jolasetan.

ZALETASUNAK

    Zaletasunaren arloa, jolasarenarekin oso erlazionatuta dagoen arren, badira helburu batzuk jolasean aipatu ez ditugunak.  “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan bizpahiru helburu aurkitu ditugu: gizartean jokatzeko oinarrizko jarraibidea barneratzea eta norberaren portaera jarraibide horietara moldatzea, gero eta modu egoki eta orekatuagoan; hurbileko gizarte taldeak ezagutzea eta haien kultura ekoizpenetara eta balioetara jarrera irekiz gerturatzea, konfiantza, errespetu eta balioespeneko jarrerak lantzeko; errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, eta norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko, eta sumisio nahiz nagusitasunerako jarrerak baztertzea. Bestalde,  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, bi helburu garrantzitsu azpimarratu ditugu: arte-produkzioetan parte hartzea, askotariko teknikak erabilita, komunikazio-aukerak arakatu eta kultura bera ulertzen hasteko; gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko.

    Esparru honetan, “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” eremuan, hain zuzen ere, eduki hauek lantzen direla pentsatzen dugu: gorputzaren tonua eta jarrera objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen, egoeren eta espazioaren ezaugarrien arabera kontrolatzen eta egokitzen hastea; gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan, ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin-mina izatea; afektu eta enpatiako harremanak sortzeko jarrera positiboa izatea eta talde-lanetan laguntzea; haurrek harreman orekatuak izatea elkarren artean, estereotipo eta aurreiritzi sexista batzuk identifikatzea eta baztertzea.  “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, berriz, beste eduki hauek lantzea posible dela deritzogu: informazio, beharrizan, emozio eta gogoak hitzen bidez adierazi eta azaltzea egoera ezberdinetan; gainerako pertsonen adierazpen eta azalpenekiko interesa eta begirunea izatea.

    Haur bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere gustu eta zaletasunak ditu. Zaletasun horiek mota askotarikoak izan daitezke, baina, denak edo ia denak irizpide hauen bitartez ebaluatu daitezke. “Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera” atalean, irizpide hauek jarraitzen dira haurrak egiten duena ebaluatzeko: zentzumenak eta horiei dagozkien sentsazioak ezagutzen ditu; gero eta gehiago kontrolatzen du gorputza, bai mugimenduan, bai geldirik dagoenean; gero eta trebetasun gehiago eskuratzen ditu; gauza berriak egiteko ekimena du eta bere disfrutatu egiten du bere aurrerapenekin; inguruan egiten diren kultura-adierazpen batzuk ezagutzen ditu; tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu. Bestalde, “Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena” eremuan, hauek dira jarraitzen diren irizpideak: gero eta adierazpen agerikoagoak eta egokiagoak egiten ditu bere beharrizanak, sentsazioak eta gogoak azaltzeko; galderak egiten ditu gauzak hobeto ulertzeko; laguntza eskatzen du beharrizanak eta bere gogoa asetzeko; arretaz eta errespetuz entzuten ditu solaskideak.

ILUSIOA

   
    Taldekideen blogak elkarjartzen aritu girenean, argazki edo bizipen zehatzetan agertu ez arren, denok hitz egin genuen haurtzaroan genuen ilusioaren inguruan. Horregatik, arlo hori aipagarria dela iruditu zitzaigun, baina Haur Hezkuntzako curriculuma aztertzean, horren inguruan ez dagoela ezer zehatzik ikusi dugu. Ez dago, helburu, eduki ezta ebaluazio irizpiderik ere zuzenean gai hau jorratzea bideratzen duenik, baina zeharka Haur Hezkuntzako garaian beti lantzen da, ilusio hori haurrengan baitago. Gure iritziz, curriculumean agertzen ez den arren, Haur Hezkuntzako hezitzaile ororen eginkizunetako bat haurren ilusioa piztea eta mantentzea izan beharko litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario