lunes, 27 de febrero de 2017

Bizipen elkarjartzea.





      Didaktika Orokorra ikasgaian bakoitzak bere bloga sortu ondoren, lehenengo sarrera egin dugu, bertan gure Haur Hezkuntza garaiko argazki esanguratsuenak eta bizipen garrantzitsuenak azalduz. Blog guztiak elkarri erakutsi ondoren, eta gure istorioak besteekin elkar jartzerakoan, hainbat ideia edo bizipen amankomunean ditugula ikusi dugu.


     Hasteko, lehenengo ideia eta errepikatuena, inauteriena izan da. Ideia hau oso esanguratsua dela ohartu gara, izan ere taldekide guztiok aipatu dugu inauterien inguruko bizipenen bat. Horregatik, uste dugu, Haur Hezkuntzako garaian inauteriak oso garrantzitsuak izaten direla, eta eragin handia izaten dutela haur guztiengan. Inauteriek egunerokotasuneko pertsonatik aldentzea ahalbidetzen digute, eta horrela egun batez izan nahi dugun hori izaten gara, adibidez, super-heroiak, printzesak, etab. Honen bitartez, ikus dezakegu, bakoitzak “bizitza errealean” duen rola alde batera uzten duela edo etiketak baztertu egiten direla. Hau da, egun horietan denak mozorrotzen garenez, nahiz eta bakoitzak mozorro ezberdina izan, lotsak eta beldurrak gutxitzea edo alde batera uztea ahalbidetzen du. Gure ustez, inauterietako mozorroen bitartez animaliak, lanbideak, rol ezberdinak, etab. landu daitezke.


     Bestalde, gure inguru hurbileko jendea, gure familia, alegia, txiki-txikitatik oso garrantzitsua izan dela eta garrantzitsua izaten jarraitzen duela nabaritu dugu. Beraiek, konfiantzazko eta segurtasunezko ingurua sortzen dute eta bakoitza den bezalakoa izateko aukera ematen digu. Konfiantza eta segurtasuna emateaz gain, uneoro laguntzeko eta zailtasunen aurrean konponbideak aurkitzeko gure ondoan egoten dira. Gure bizitzaren ibilbidean oso presente ditugun pertsonak dira, eta egunerokotasunean behar-beharrezkoak ditugunak. Beraien bitartez, ohiturak, baloreak, kultura… ikasten ditugu. Nahiz eta “familia” hitzaren kontzeptuan lagunak ez sartu, badaude pertsona batzuk oso garrantzitsuak direnak eta gurekin daudenak momentu on eta txar guztietan. Gure argazkietan, familiaz gain, lagunen figura askotan agertu dela ikusi dugu. Txikitan gure gelakideak soilik ziren batzuk, orain lagun oso onak izatera pasatu dira. Gai honen bitartez, gelan familia aniztasuna landu daiteke, hau da, kultura ezberdinetakoak, familia mota ezberdinak,etab.


     Jarraitzeko, gure txikitako argazkietan naturarekin harreman estua izan dugula ikus dezakegu. Denak naturaz inguratuta bizitzeko zortea dugu eta bertatik gauza asko ikas ditzakegu. Hala nola, animaliak nola bizitzen diren, zer jaten duten, urtaro bakoitzean zuhaitzek zein fruitu ematen duten, jakiak nondik ateratzen diren… Gainera, naturarekin harremanetan egotean, inguruko elementuak errespetatzen eta denon artean elkarbizitzen ikasten dugu. Horregatik, txikitatik bultzatu eta sustatu behar dena dela pentsatzen dugu, naturak egoera onean urtetan zehar gure inguruan iraun dezan.


     Laugarren ideiarekin jarraituz, jolasak bizitza osoan zehar, eta haurtzaroan bereziki,izugarrizko garrantzia duela uste dugu. Jolasak mota askotakoak izan daitezke: jolas sinbolikoa, eraikuntza jolasa, jolas heuristikoa… Askok pentsatzen dute jolasaren bitartez ezinezkoa dela zerbait ikastea, baina, gure aburuz, jolasa ikasteko modurik dibertigarriena eta errazena da. Haurrek garrantzi handia ematen diote jolasari, eta askotan, nahigabe eta konturatu gabe gauza asko ikasten dituzte, modu tradizionalean baino, hau da, mahaian eserita baino. Jolasak, ikasteko izateaz gain, dibertitzeko, beraien artean harremanak indartzeko eta sustatzeko eta norberaren nortasuna eta identitatea finkatzeko balio du beste hainbat gauzen artean.


     Aurreko ideiarekin lotuta dagoen beste gai bat, zaletasunen gaia da. Gure argazkietan, hainbat zaletasun edo ekintza ezberdin ikusi ditugu, hala nola, marrazketa, euskal dantza, judoa, musika, balleta… Konturatu gara jarduera horiek gure bizitzan markatu gaituztenak direla eta gaur egun ere, gure bizitzan mantentzen direla. Zaletasun hauen bitartez eguneroko ohiko egoeretatik apur bat aldendu egiten gara, eta horrek modu askeago batean egotea ahalbidetzen digu, gustuko dugun ekintzetan disfrutatuz. Honen bitartez harremanak sustatzen dira, taldea izaten eta besteak errespetatzen ikastea denak helburu berdina dutelarik. Horrez gain, kirol ezberdinak landu daitezke, baita psikomotrizitatea ere. Gainera, honen guztiaren bitartez bizitza osasuntsu bat izateko ohiturak edo bideak erakutsi daitezke.


     Bukatzeko, argazki zehatz batzuetan ageri ez den arren, Haur Hezkuntza garaian bada ideia bat guztiok batzen gaituena, ilusioa edo haurraren izatea. Txikiak garenean pozik bizi gara, eguna jolasean eta algaran pasatzen dugu. Izaten ditugun ardura handienak jolasaren ingurukoak izan ohi dira, eta urteak aurrera egin ahala, ilusio hori moldatzen joaten da, beste rol batzuk hartzen baititugu. Nahiz eta ilusio hori bizitzan zehar aldatzen joan, denon oroitzapenetan geratzen da txikitan genuen ilusio hori, oso berezia baitzen. Hau, azken finean, ikasi edo landu ezin den zerbait dela uste dugu, ilusioa bakoitzaren barnean dagoen sentimendua baita, baina egia da hainbat faktorek gure ilusioa baldintzatu dezaketela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario